KLIMA-ALDAKETARI BURUZKO FOROA OSPATU DA

Eskolako Agenda 21en parte hartzen duten Hondarribiko 4 ikastetxeek (Ama Guadalupekoa, San José, Talaia Eskola eta Talaia Institutua) eta Hondarribiko Udaleko ordezkariek ikasturte honetako gaiari buruzko udalbatza berezia ospatu zuten ekainaren 2an, udaletxeko bilkura aretoan.

Foroaren helburua ikasleek maiatzaren 19an izandako Eskolen arteko Foroan adostutako puntuak eta ikasturte honetan zehar egindako lana alkateari (Txomin Sagarzazu) eta ingurumen arloko zinegotziari (Juan Luis Silanes) aurkeztea izan zen. Era berean, ikasleen ordezkariek hurrengo ikasturtean Kontsumo Arduratsua landuko dutela iragarri zuten.

sdr

ESKOLEN ARTEKO KLIMA-ALDAKETARI BURUZKO TOPAKETA

Maiatzaren 19an, Hondarribiko eskolen arteko foroa osptatu genuen udaletxeko bilkura-aretoan. 2 orduko lan-saioan Ama Guadalupekoa ikastetxeko, San José ikastetxeko, Talaia Eskolako eta Talaia Institutuko ikasleek lan bikaina egin zuten. Izan ere, beraiei esker honakoak adostu genituen:

 

  • Klima-aldaketari buruz ikastetxeok gure gain hartuko ditugun konpromisoak
  • Gai horri buruz Hondarribiko Udalari zuzendutako eskaeren zerrenda, bai klima-aldaketari aurre egiteko zein bere ondorioetara egokitzeko
  • Ikasturte honetan zehar Eskolako Agenda 21en parte hartzen duten eragile ezberdinek izan duten parte-hartzearen balorazioa (ikasleak, irakasleak, irakasle ez diren ikastetxeko langileak, gurasoak, Udala)

 

Adostutako guztiaren berri emango diegu aurki Hondarribiko Udaleko ordezkariei.

Esker mila ikasle eta irakasleei, egindako lanarengatik!!

cof

ESKOLEK HERRIKO EGOERA AZTERTZEKO KALE-IKERKETAK EGIN DITUZTE

Hondarribiko ikastetxeak ikasturte honetan klima-aldaketaren gaia dute aztergai eta mundu mailako arazo horrek herri mailan nola eragiten duen ikertu nahi izan dute ikasleek. Lanketa hau Eskolako Agenda 21 izeneko hezkuntza-programaren baitan kokatzen da eta urtero legez, herriko egoera aztertzeko, ikastetxe bakoitzari eremu edo jarduera mota zehatz bat ikertzea egokitu zaio.

 

Apirilaren hasieratik aurrera, honakoak izan dira aztertutako eremu eta esparru zehatzak:

 

  • Arrantzaleen kofradiara bisita eta klima-aldaketak beren jardunean eraginik sortu ote duen ezagutzeko elkarrizketa (Talaia Eskolako LHko ikasleak bertaratu ziren, apirilaren 7an)
  • Aranzadi Zientzia Elkartearen eskutik, Jaizkibel mendiaren baloreak ezagutzera emateko eta bere kontserbazioaren garrantziaz jabetzeko hitzaldiak (San José ikastetxean, maiatzaren 9an eta Talaia Institutuan, maiatzaren 30ean)
  • Hondarribian kokatutako Nerbreen enpresaren instalazioetara bisita eta elkarrizketa bertako arduradunarekin (Talaia Institutuko ikasleak izan ziren bertan, maiatzaren 9an).
  • Herritarrek klima-aldaketaren inguruan duten iritzia ezagutzeko inkestak, Portu auzoan (maiatzaren 15eko astean, Ama Guadalupekoa ikastetxeko LHko ikasleak irtengo dira kalera)
  • Jaitzubiako paduraren ezaugarriak eta balioa gertutik ezagutzeko irteerak, Plaiaundi Parke Ekologikoko ingurumen-hezitzaileen eskutik (Talaia Institutuko ikasleak joango dira padurara, ekainaren 1ean eta 2an)

 

Ikasleek egindako ikerketak oinarritzat hartuz, Udalari zuzendutako hobekuntza-proposamenak landuko dituzte ikasleek. Era berean, ikastetxeek klima-aldaketari lotutako konpromisoak ere hartuko dituzte bere gain. Konpromiso eta hobekuntza-proposamen horiek eztabaidatu eta adosteko asmoz, hurrengo ostiralean, maiatzak 19, Hondarribiko eskolen arteko topaketa izango da, 10:30tan, udaletxeko udalbatza aretoan. Bertan adostutakoa udal ordezkariei aurkeztuko diete ikasleek, ekainaren 2an izango den Udalaren eta ikastetxeen arteko udalbatza berezian.
IMG_0486_ok